Zer da Batura?

Elkarri laguntzen eta balore sozialekin bizi eta lan egin nahi dugun kolektiboak identifikatzen ditugu, elkarlanaren aldarri izango den mapa batean erakustaraziz.. 

Batura Euskal Herriko Ekonomia Sozial Erandatzailearen mapa da. Soziala, bizitza erdigunean jartzen duten eta lurraldearen arazoei irtenbideak eskaintzen dizkioten ekimenen mapa delako. Eraldatzailea, merkatu eta kapitalaren menpe dagoen mundu honen aurrean alternatiba sendo bat delako. 

Ekonomia soziala herritarrengana gerturatzea dugu helburu, baina hau egin nahi dugun bidearen lehen pausua besterik ez da. Herritarren parte hartzetik jaio eta eraldaketa sozialera abiatzen den bidea da gurea. 

Ekimen ireki bat gara

Herritar bezala, zure baloreen arabera kontsumitu ahal izateko alternatibak aurkituko dituzu, hala nola elikadura sektorean, zerbitzuetan edota energia arloan. Gainera, proiektuaren parte ere izan zaitezke, eragile berriak identifikatuz eta mapara gehitzeko proposamena eginez.

Eragile bezala, ekimenera gehitu zaitezke, zure proiektuari ikusgarritasuna emanez eta ekonomia sozialaren baitan dauden beste enpresa, elkarte eta kooperatibekin harremanetan jarriz.

Mapa bat baino gehiago da!

Mapara gehitutako eragile guztiak elkarrizketatzen ditugu, euren barne antolaketa, eragin soziala eta ingurumenean duten eragina neurtzen dituen 16 irizpidez osatutako galdetegi baten bitartez.

Proiektu eraldatzaileen erakusleiho izateaz gain, hauen arteko saretze eta interkooperazioa bideratzen dugu.

Haratago, Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileko baloreen diagnostikoa ere egiten dugu Baturan, erakunde eta lurralde-eremuen indar guneak eta beharrak identifikatuz.

Ekonomia Sozial Eraldatzailea

Bizi dugun krisi ekonomiko sistematikoaren aurrean, gizartearen eraldaketarako eredu sozial eta ekonomiko berriak proposatzen ditu, ekonomiaren demokratizazioan, lanaren autogestioan, kapitalaren gainetik pertsonen lehenespenean, bizitzaren iraunkortasunean eta kooperazioan oinarritzen direnak.

Ekonomia Sozial Eraldatzaileak ekonomia eta bizitzaren eredu kapitalista gainditu nahi du, beste balore batzuk erdigunean jarriz:

  • Lehentasuna lurraldearen eta bertan bizi direnen beharrak asetzea da, etekin metaketaren gainetik. 
  • Jabetza kolektiboa eta kudeaketa demokratikoarengatik apustua egiten du.
  • Ikuspuntu feminista txertatzen du modu transbersalean
  • Komunitatearekiko eta ingurumenaren jasangarritasunarekiko konpromezua du.
  • Parte-hartzean oinarritzen da
  • Gizarte eta ekonomiarekiko ikuspuntu eraldatzailea du.

Proposamen hau diskurtso soil batetik haratago doa. Izan ere, Euskal Herrian Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritzen diren alternatiba ekonomikoak sortzen eta zabaltzen ari dira. Hala nola, finantza etiko eta solidarioak, nekazaritza ekologikoa eta komertzializazio zirkuitu laburrak, ekoizpen eta salmenta energetiko iraunkorra edota enpresa antolaketa eredu horizontal eta parte hartzaileak.

Ekimen guzti hauek harreman sozial parekideak indartzen dituzte eta, pertsona zein ingurumena erdigunean kokatuz, eredu ekonomiko zein sozial iraunkor eta justuak eragiten dituzte. Nola? Tokiko garapenean sakonduz, hau da, lanpostu duin eta egonkorrak sortuz eta sortzen duten mozkina lurraldearen eta komunitatearen beharretan inbertituz.