Batura - kideak definitzen dituzten 16 irizpideak

Baturan, mapan ikustarazten dugun ekimen bakoitza sakontasunez ezagutzeko apustua egiten dugu. Horretarako, 16 puntu neurtzen dituen galdetegi bat garatu dugu. Galdetegi honek ekimen edota eragileen barne antolaketa, eragin soziala eta hauek ingurumenean eragiten duten inpaktua neurtzen ditu. Eragileen autodiagnostikorako zein hauen praktika eraldatzaileak ikustarazteko tresna da. Jarraian irizpide guztiak azaltzen dizkizugu

Barne demokrazia

Erabakiak hartzeko neurri zein mekanismoak izatea aintzat hartzen dugu, kide guztien parte hartze aktibo eta parekidea sustatuz. Bilera edo asanbladak egoteaz gain, balioan jartzen dugu maila edo pribilegio desberdintasunak lantzea, kide guztiek erabaki guneetan egoteko aukera izatea edota horizontaltasunaren inguruan barne gogoeta espazioak sustatzea.

Garapen pertsonala

Pertsonen beharrak aintzat hartzea eta lan esparruan, parte hartzean eta zaintzan konponbideak ematen saiatzea baloratzen dugu. Ekimenean parte hartzen ari diren pertsonen zaintza, bizitza pertsonala eta lana konziliatzeko neurriak edo emozioen lanketarako espazioak dauden neurtzen dugu. Erantzunkidetasuna eraldatzailea dela pentsatzen dugu: norbanakoaren beharrak modu kolektiboan gain hartzeko gaitasun, enpatia eta borondatea. Adibidez: haurtzaindegi zerbitzua, lanen birbanaketa edo ordutegien moldaketa.

Ikuspegi feminista

Generoa rol eta portaeren eraikuntza soziala dela uste dugu. Jendarte patriarkal batean bizi garela kontuan hartuz, genero ikuspegia izan ezean genero rolen asimetriak berproduzituko ditugu. Horregatik, entitateek genero ikuspegiaren inguruko gogoeta egin duten eta neurriak modu transbersal batean hartu dituzten baloratzen dugu. Adibidez, zaintza lanen balorizazio bat eman den eta lan horiek modu parekidean banatu diren neurtzen dugu.

Lan Baldintzak

Hitzarmen egonkor bat izatea, eginkizun kopuruarekiko jardunaldi koherenteak egotea eta sektoreari dagokion soldata hitzarmena baino altuago bat betetzea ulertzen dugu lan baldintza duin bezala.

Jabetza

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen oinarrian dagoen kontzeptua da jabetza. Izaera pribatuko erakundeak izanik, honen banaketa ezinbesteko kontzeptu bezala ulertzen dugu. Jabetza kolektiboa duten eta aberastasuna funts sozialera bideratzen duten ekimenak kontsideratzen ditugu forma juridiko aproposena.

Hornitzaileak

Gertutasuna bultzatzen dugu. Norberaren ekintza ekonomikoan kontsumitzen diren ondasun edo zerbitzuen jatorria eta baldintzak kontuan hartzea aintzat hartzen dugu. Tokiko ekonomia eta bidezko merkatzaritza indartzeko parte hartze politikoa dagoen kontuan hartzen da.

Interkooperazioa

Merkatu soziala sustatzeko helburuarekin, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko beste ekimenekin lan egitea lehenesten dugu. Kapitalismoak sustatzen duen lehia alde batera utzi eta elkarlanerako beharrezkoak diren neurriak hartzen diren baloratzen dugu. Hala nola, sektore berdineko beste eragileekin lan esparru konjuntuak garatzea.

Lizentzia askeak

Lizentzia aske eta irekia duten edukiak (programazioa, ezagutza, material grafikoa, ikusentzunezkoa, musikala…) garatzea eraldatzailea dela eta gizartean inpaktu positiboa eragiten duela uste dugu. Ezagutzaren pribatizazioaren aurrean, elkarbanatzearen aldeko apustua egitea aintzat hartzen dugu.

Gardentasuna

Gardentasuna konfidantza sortzeko mekanismo onena dela uste dugu, kontsumo kritikoa ahalbidetzen duen informazioa errazten baitu. Sistema kapitalistan funtzionamendua, kontuak, jatorria edota ekoizpen prozesuaren inguruko informazioa ezkutatzea ohiko praktika da. Eskema honekin apurtzea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Finantza kudeaketa

Finantzei buruz hitz egiten dugunean, eragileak dituen aurrezki, mailegu eta baliabideen kudeaketaz ari gara. Euskal Herrian dauden finantza etikoko ekimen nagusiekin lan egitea lehenesten den neurtzen dugu. Finantza etiko eta alternatibo gisa hartzen ditugu trukea, autofinantzaketa taldeak, mikromezenasgoa, txanpon soziala, finantza etikoen entitateak edo aseguru etikoak.

Kohesio soziala

Espazioa inklusiboa izan behar dela ulertzen dugu, sistema kapitalistaren baitan ematen diren arraza, etnia, kultura, orientazio afektibo-sexual, aniztasun funtzional edota genero araberako diskriminazio eta baztertzeak gaindituko dituena. Beraz, merkatutik eta esfera publikotik pertsona konkretu batzuk kanporatzen dituzten dinamikak apurtu behar direla uste dugu.

Eraldaketa soziala

Ekonomia Sozial Eraldatzaileak ikuspegi antikapitalista mantendu behar duela ulertzen dugu, sistema honek dakartzan injustiziak kontuan hartuz eta hauek deuseztatuz. Kontzientzia antikapitalistak soilik bermatuko du Ekonomia Sozial Eraldatzailea sistema sozioekonomiko dominantean ez erortzea. Horregatik, auzoko merkatari elkarte, kooperatiben federazio, kontsumo kooperatiba edo izaera komunitarioa duten bestelako eraldaketa sareetan parte hartzea aintzat hartzen dugu.

Euskara

Euskal Herria ezin da ulertu euskara gabe, gure nortasuna eta kulturaren ardatza da. Ez da inoiz Euskal Herririk egongo euskara gabe. Ezin dugu ahaztu euskara eta euskaldunok ez gaudela testuinguru neutral batean. Ekonomia Sozial Eraldatzaileak hainbat printzipio bermatu ahal izateko ezinbestekoa da euskarak behar duen bultzada. Eraikuntza prozesu honetan norbanakoetatik hasita guztiok batera ekin behar dugu Euskal Herria euskalduntzeko bidean, komunitate bakoitzak, bere hizkuntza, kultura eta identitatea zaindu eta transmititzea nahitaezkoa delako.

Jasangarritasuna

Ekologiarekiko kontzientzia eta apustua baloratzen ditugu bai ekoizpenean, bai merkaturatzean baita mugikortasunean ere. Sistema kapitalistak hazkunde ekonomikoa bermatzeko baliabide mugagabeak behar ditu, horiek mugatuak diren arren; honek baliabide naturalen zein lurraldearen suntsiketa dakar. Horregatik, jarduera ekonomikoek ingurune naturalean sortzen duten inpaktua neurtzen duten, produktu agroekologikoak lehenesten dituzten edota aztarna ekologikoa murrizteko erabakiak hartzen dituzten baloratzen dugu.

Hondakinen kudeaketa

Ekosistemek baliabideak eta hondakinak birsortu eta xurgatzeko duten gaitasuna kontuan hartzen den baloratzen dugu. Hondakinen kudeaketarako politika bat existitzen den baloratzen dugu. Neurririk egon ezean, ekosistemen desoreka bultzatzen ariko gara, eta, beraz, etorkizunean gure beharrak asetzeko gaitasuna murrizten.

Kontsumo energetikoa

Hazkunde kapitalistaren oinarrian baliabide fosilen (petroleoa, gasa, uranioa, ikatza) ustiaketa dago, energia merke eta kantitate handian lortzea ahalbidetu duena. Aldiz, produkzio modu jasangaitza da, baliabide mugatuak direlako eta naturan zein pertsonengan sortzen duen inpaktua negatiboa delako. Errealitate honen aurrean, kontsumoaren murrizketa eta baliabide berriztagarriak kontuan hartzen diren eta subiraultza energetikoa ahalbidetuko duen sistemaren alde egiten den baloratzen dugu.