Zer da Batura?

Batura Euskal Herriko Ekonomia Sozial Erandatzailearen mapa da. Soziala, bizitza erdigunean jartzen duten eta lurraldearen arazoei irtenbideak eskaintzen dizkioten ekimenen mapa delako. Eraldatzailea, merkatu eta kapitalaren menpe dagoen mundu honen aurrean alternatiba sendo bat delako. 

Elkarri laguntzen eta balore sozialekin bizi eta lan egin nahi dugun kolektiboak identifikatzen ditugu, elkarlanaren aldarri izango den mapa batean erakustaraziz.. 

Ekonomia soziala herritarrengana gerturatzea dugu helburu, baina hau egin nahi dugun bidearen lehen pausua besterik ez da. Herritarren parte hartzetik jaio eta eraldaketa sozialera abiatzen den bidea da gurea. 

Mapa bat baino gehiago da!

Mapara gehitutako eragile guztiak elkarrizketatzen ditugu, euren barne antolaketa, eragin soziala eta ingurumenean duten eragina neurtzen dituen 16 irizpidez osatutako galdetegi baten bitartez.

Proiektu eraldatzaileen erakusleiho izateaz gain, hauen arteko saretze eta interkooperazioa bideratzen dugu.

Haratago, Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileko baloreen diagnostikoa ere egiten dugu Baturan, erakunde eta lurralde-eremuen indar guneak eta beharrak identifikatuz.

 

Ekimen ireki bat gara

Herritar bezala, zure baloreen arabera kontsumitu ahal izateko alternatibak aurkituko dituzu, hala nola elikadura sektorean, zerbitzuetan edota energia arloan. Gainera, proiektuaren parte ere izan zaitezke, eragile berriak identifikatuz eta mapara gehitzeko proposamena eginez.

Eragile bezala, ekimenera gehitu zaitezke, zure proiektuari ikusgarritasuna emanez eta ekonomia sozialaren baitan dauden beste enpresa, elkarte eta kooperatibekin harremanetan jarriz.

Ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea posible dela agertzen duen tresna kolektibo bat gara eta parte hartzera gonbidatzen zaitugu!