Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak garatu eta indartzeko proiektua da Ereindajan. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa gara, eta Debagoiena da gure lan- eta eragin-eremua. Nekazal eredu agroekologikoa bultzatzen dihardugu, eta arnasa eman nahi diogu gure bailarari. Proiektua lau oinarriren gainean ari gara eraikitzen: BERTAKOA | Kontsumo eredu arduratsua praktikara eramanez, tokiko garapena bultzatzen dugu. Bailarako ekoizleak eta kalitatezko produktuak dira gure oinarria. OSASUNGARRIA | Agroekologia ipar, gure gorputzak eta lurrak zaintzen ditugu. Gehigarririk gabeko eta sasoian sasoiko produktuekin egiten dugu lan. JUSTUA | Ereindajaneko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana justua da. Prezioak justuak dira ekoizleentzat, eta arrazoizkoak kontsumitzaileentzat. KOOPERATIBOA | Proiektua kolektiboa da: erabiltzaileon artean pentsatu, eraiki eta erabakitzen dugu. Ekoizleek, kontsumitzaileek eta langileek hartzen dugu parte.