Elikadura Burujabetza
Elikadura guztiz beharrezkoa da edozein komunitateren bizi proiektuak aurrera eramateko, eta elikatzen gaituenaren kontrola edukitzea are gehiago. Elikagaiak ekoizteko moduak gure osasunean zein hiri ereduetan eragiten du eta azken urteetan gure elikatzeko ohituren globalizazio prozesu bat ematen ari da, txarrerako noski.
Supermerkatu handietan kontsumitzeko ohitura oso zabaldua dago gure gizartean, erosoa egiten zaigu eta askotan ez gara konturatzen honek ekar ditzakeen zeharkako kalteak izugarriak direla. Janari prozesatu industriala kontsumitzeko ohitura areagotu da eta, honek gure osasun zein ekonomian kalte nabarmen bat eragiten du. Bertako nekazariek ekoizten dituzten elikagaiak ordaintzea kostatzen zaigu eta horren ordez kanpotik datorren edozein produkturekin konformatzen gara. “Fast Food”-a kontsumitu eta plastikoaren erabilera masibo baten aurrean gaude eta hartzen ari garen ohitura txar hauek zuzenki kolpatzen gaitu gure bizitzetan.
Bertako eta garaiko produktu eta nekazariak sustatu behar ditugu gure gizartearen bizi kalitate bermatu nahi badugu. Elikatzen gaituenaren burujabetza eta kontrola edukitzea behar-beharrezkoa dugu.
Energia Burujabetza
Energia beharrezkoa dugu gure bizitzetan gaur egun. Baliabide berriztagarrietatik zein ez berriztagarrietatik lor daiteke eta gaur egun munduko energiaren %85a baliabide ez berriztagarrietatik lortzen dugu. Gaur egun gainera energia oinarrizko behar bat izan ordez, kapitala pilatzeko negozio bihurtu da.
Energiaren ekoizpena, banaketa eta erabilpenaren aurrean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu energia burujabetzatik. Herri edo komunitate bakoitzari egokitzen zaizkion ezaugarri ekologiko, sozial, ekonomiko eta kulturalaren arabera hartu behar dira erabaki hauek. Ez gara gizartetik aparte bizi diren komunitateez ari, baizik euren energiaren jatorrian eta kontsumitzeko eran erabakitzeko aukera duten herriez baizik.
Etxebizitza Burujabetza
Hiriak eta etxebizitzak gaur egun aberasteko eta desberdintasun sozialak azaleratzeko espazio bihurtu dira. Etxebizitza, eskubide bat izan ordez, pribilegio bihurtu da eta egoera okerrera doala ere argi ikus daiteke. Gazteei geroz eta gehiago kostatzen zaie emantzipatzea eta emantzipatzekotan alokairu oso altuak ordainduz edo bizitza osorako mailegatuz lortzen da. Etxe kaleratzeak ere egunerokotasunean dauzkagu espekulatzaileek eragindako prezio ordainezinen ondorioz. Daukagun turismo ereduaren ondorioz ere, gure lurraldea kanpotik datozen bisitarientzako parke tematiko moduko batean bihurtzen ari da. Herrietako zonalde historikoak turisten zerbitzura gelditu diren tokietan bihurtu dira, bertako biztanleak periferietara kanporatuz.
Gure bizilekua behar beharrezkoa dugu, gure bizitzak erreproduzitu ahal izateko babesa ematen digu eta. Gaur egun gure hirietan daukagun bizileku eredua oso indibidualista da, bakoitza bere etxean bizi da giltzapeturik. Ez dugu ia espazio komunalik eta askotan ez ditugu gure bizilagunak ere ezagutzen.Testuinguru honetan, gure bizi-ereduak aldatu, kolektibizatu eta elkar-ezagutzan eta elkarlanean oinarrituko diren ereduak garatzea beharrezkoa dugu.
Finantza Burujabetza
Herriek, komunitateek eta herrialdeek beren finantza politika propioak definitzeko eskubidea dute, nork bere ezaugarrien arabera modu ekologiko, sozial, ekonomiko eta kultural egokiak erabiliz. Finantza baliabide kolektiboak edukitzeko eskubidea barne hartzen du finantza burujabetzak. Alegia, jendarte guztiak duela finantza baliabide propio, seguru eta kulturalki egokiak sortu eta izateko eskubidea, eta nork bere burua eta bere gizartea modu iraunkorrean eustekoa.
Finantza burujabetzak esan nahi du herriek eta komunitateek nagusitasuna dutela espekulazio eta merkataritza auzien gainetik finantza sistema propioa eduki eta kontrolatzeko eta hortaz, eskubide eta gaitasuna egoki ikusten duten erabilera emateko baliabide finantzario horiei.
Finantza burujabetzaz ari garenean, merkatu neoliberalaren logikatik kanpo dagoen finantzen kudeaketaz ari gara. Gizarte bezala sortzen ditugun etekinak tokian tokiko egoeraren arabera erabiliko dituena eta ez kanpo eragile baten interesen arabera. Espekulazioa eta kapital metaketa alboratuko dituen finantza ereduaz, alegia.
Kultura Burujabetza
Kultura burujabetzaz ari garenean bi ikuspegi desberdinetatik abiatu gaitezke. Lehenengoan kultura lanbide duten pertsonez ariko ginateke eta hauek sortutakoaren kudeaketa nola gauzatuko litzaken. Bigarrenean, aldiz, kultura gizarte bakoitzak duen ohitura, erlazionatzeko modua, hizkuntza bezala ulertuko genuke; denona eta kolektiboa den aberastasun horretaz.
Lehenengoaz ari garenean, burujabetzaren proposamenak kulturaren ekoizpen eta banatzearen kudeaketa gureganatzeaz ari gara. Kapitalaren baloreez haratago kulturaren kudeaketa justuagoa eta sozialagoa egitea proposatzen dugu, esparru honetan nagusi den prekarizazioari aurre egiteko. Kulturgileen lan baldintzak duintzeaz ari gara, egiten duten lanarengatik merezi duten aitortza emateaz.
Bigarrenean kultura zeharkako gai bat bezala ulertzen da, arlo guztietan garrantzia duena. Kulturak hezkuntza, jarrera batzuk eta hizkuntza esan nahi du eta denontzako eskuragarritasunak derrigorrezkoa izan beharko luke. Pertsonak erdigunean jarriko dituen hezkuntza bat sustatzea beharrezkoa da, identitate desberdinak errespetatuz eta zaintza eta natura oinarri dituena.
Gure komunitateetan beharrezkoa da kulturarako espazioak sortzea eta gizartea heztea kultura herritarra guztiengana iritsi dadin.
Lanaren Burujabetza
Lanaren burujabetzaz ari garenean, aurretik aipatutako burujabetzez haratago edozein sektoreren kudeaketaren demokratizazioaz ari gara batez ere. Hau da, arropa, etxerako altzairuak, ibilgailuak, marketin enpresak, inprentak etab. luze bat.
Esparru zabal honetan aldarrikatu nahi duguna da gainontzeko enpresa ereduak ere eman daitezkeela ESEaren baloreen baitan. Lana beharrezkoa dugu gure komunitateetan garatzeko eta lana egiteko modu hau egin daiteke kapitalaren logikak ezartzen dituen metodoetatik haratago. Bestelako sektoreetan lan egiteko metodo horizontal eta jasangarriez arituko ginateke, pertsonak erdigunean jarriko dituena.
Teknologia Burujabetza
Teknologia burujabetzaz ari garenean, teknologia eta telekomunikazio zerbitzuak jasotzerako orduan gizarteak bere baliabide propioak garatzeaz ari gara. Teknologia jaso eta sortzeko eredua errotik aldatzeaz ari gara, non edukiak zein azpiegitura gizarteak kudeatuko dituen eta ez multinazional handiek.
Gaur egun teknologia zerbitzuak eskaintzen dituzten erakunde multinazionalak dira horretarako beharrezkoak azpiegiturak kudeatzen dituztenak, horrela sektore hau guztiz euren menpe eta merkantilizatua dugu. Honi aurre egiteko, ezinbestekoa da teknologia eskaintzeko beharrezko azpiegiturak herritarren menpe egotea, zerbitzu ez merkantil bat eskaini nahi duten eragileek ere aukera bat eduki dezaten.
Honez gain, garatzen diren edukiak ere izaera librekoak izatearen aldeko planteamendua sustatzen du Teknologia Burujabetzak. Eduki hauek gizarteak gizartearentzat sorturiko ezagutza gisa kudeatzea bultzatu nahi da eta merkatuaren logiketatik alde egin.
Zaintza Burujabetza
Feminismoetatik aspalditik aldarrikatu da bizitza zaindu beharra dagoela. Egunero bizitzea ez dela magiaren edo kasualitatearen araberako kontu bat: Bizitza egunero berreraikitzen dugulako bizi gara, egunero-egunero pertsona guztien bizitza zaintzen dugulako, alegia. Elkarri ematea eta elkarrengandik jasotzea da bizitza zaintzeko modu bakarra. Gizarteak, ekonomiak, mundu osoak, “interdependentzia- errealitate bat osatzen du eta ekodependentzia-errealitate bat ere bai, planeta bizigabe batean ezin izango ginatekeelako bizi”. (Bizitzak Erdigunean, Euskal Herriko Koordinadora Feminista, 2020/04/09)
Beraz, aldaketa sozioekonomikoa lortzeko, ezin dira alde batera utzi bizitzaren iraunkortasuna eta pertsonen ongizatea, zaintza. Hau da, erreprodukzio-lanak ekonomia dira, eta, beraz, kapitalismoari alternatibak eraikitzeko, erreprodukzioa balioan jarriko behar da, bizitza eta zaintzak ekonomiaren erdigunean jarrita. Horretarako, funtsezkoa da zaintza-lanak – bai ordainduak, bai ez-ordainduak- aitortzea, ikusaraztea eta duintasuna ematea eta baita zaintzaren unibertsalizazioa bermatzea ere. Ekonomia sozial eraldatzailetik, ekonomia feminista egitura ekonomiko kapitalista guztia eraldatzeko espazio gisa ulertzen dugu, eta, beraz, baita emantzipaziorako espazioa ere, emakumeena bakarrik ez ezik, jendarte osoarena.